XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez da autoritatea kontzeptuarekin nahasi behar; hori, boterepekoen aldetik, botere ezagutua eta onartua da; hura, berriz, autoritaterik gabe legezkorik nahiz bidezkorik gabe gerta daiteke.

Era berean, beste bi kontzeptuetatik ere bereizi behar da boterea: Ahala eta indarra kontzeptuetatik, alegia.

Jainkoa ahalguztiduna da, gizakiak bere ahalmen izpiritualak ditu....

Baina boterea errealitate soziala da.

Olatuen indarra, haizearen indarra, lehoiaren indarra edo euskaldunaren indarra aipatzen dira....

Baina horien botereaz ez dago hitz egiterik, metafora bidez ez bada.

Dena dela, hizkera arruntean nahasi egiten dira sarritan hiru hitz horiek; eta egoki izan ere, ez da gehiegi bereiztea egokiena.

Soziologiako edota filosofia sozialeko kontzeptua izanik ere, erlijiozkoarekin loturik dago boterea aspaldi-aspalditik: Egypton, esate baterako, botere politikoarekin erabat bat eginda zegoen erlijioa.

Hiru aldetatik lotzen da boterea erlijiozkoarekin: a) Botere publikoaren oinarriak finkatzeko erlijioari heldu izan diote, sarritan boterea bera sakraltzeraino; b) Erlijio-elkartetan botere-modu bat, ideologikoa eta izpirituala, nolabait instituzionaldu izan da, sarritan beste botere-moduekin konkurrentzian eta borrokan gainera; c) Boterearen esperientziak erakusten duenez, lilura-moduko batez erasan ohi dio boteredunari eta absolutu bihurtzera jotzen du bere dinamikaz; bide horretatik, boterearen nortzapena eta mitifikazioa gertatzen da maiz.

Historian ezagutu ditugun Herri gehienetan kargudun publikoek, bereziki gorenek (erregeek, enperadoreek, faraoiek, etab.ek) boterea hartzeak erlijiozko zentzua eduki ohi du, eta erlijiozko * zeremoniez inguraturik egoten da: e.b., * tronurapena, zin egitea, etab.

Erregerenean eta orokorki kargudun gorenenean, kargu-jabetzeak kargudunaren * sagarapen-zentzua eta -itxura izaten ditu.

Eta horiei beren boterea indarrez kentzea, * sakrilegio-modukoa izan ohi da.

Horrela, gizarteko botere publikoen sistema osoari erlijiozko oinarri teologikoa jartzen zaio, eta finkatu nahi izaten da gainera, botere osoaren iturburua jainkozkoagan jarriz, baita botere-sistemarena ere.

Zenbait erlijiotan, hala nola antzinako Egytokoan, boterearen adierazgarri eta iturritzat hartzen zuten bereziki Jainkoa bera.

Gaurko gizarte eta sistema politiko sekulartuetan ere irauten du nolabait boterearen esku-aldatzeko zeremoniaren kutsu sakratuak.

Erlijio-elkarteak, sozialki harturik, botere-sistema bihurtzera jotzen du bere aldetik, barnera begira eta kanpora begira.

Gizarteko botere-sistemen artean, ideologikoarena betetzen du sarrienetan erlijio-elkarteak, nahiz eta botere politikotik bereizirik egon.

Izatez, Herri eta garai ezberdinei begiraturik, botere publikoaren eta erlijiozko boterearen arteko harremanak lau eratara eraturik ikus genitzake: a) Berdintzapenez, nolabait erlijiozko boterea eta publikoa batbera direnean; b) Autonomiaz, botere bakoitza nolabait bere aldetik dabilenean; c) Kontrakotasunez, bi botereak konkurrentzian daudenean eta zeingehiagoka dabiltzanean; d) Menpekotasunez, erlijiozkoa politikoaren nahiz hau bestearen menpe eta zerbitzuan daudenean.

Lau eredu nagusi hauen tartean bitarteko beste harreman-moduak ere gerta daitezke.

Kristautasunaren historian ere lau eredu horiek aurki genitzake, Eliza bera erlijiozko botere gisa instituzionaldu zenetik, bereziki Milanoko Ediktuaren ondoren.

Famatua izan da, bereziki, aita santu Inozentzio VIII.ak landuriko Bi ezpaten teoria: hau da, * botere izpiritualaren eta * botere tenporalarena; bien artean, gorena erlijiozko botereak izan behar zuen, eta besteak horren menpe egon.

Hazkuntz fenomenoa da boterearena, hau da, gero eta handiago izatera jotzen du.

Horregatik badu arriskua, boteredunarentzat azken helburua boterea bera izatekoa.

Horrela, botereak berez absolutu edo erabatekoa izatera (absolutismora) jotzen du; eta nolabaiteko lilura ezartzen dio boteredunari.

Boterearen deabruzko izaeraz hitz egin ohi dute pentsatzaile sozialek.

Botereak hipostasiatzeko, mitikotzeko eta gizakiaren eta gizartearen kontrolpetik ihes egiteko duen joeraren kontra, estatu demokratiko eta legepekoak errazionaldu egin nahi du boterea, hori banatuz eta mugatuz, eskuz aldatzeko sistemak eratuz, eta menpekoen aldetiko kontrol-moduak jarriz.

Orduan boterea ahalmen juridiko: eskumen edo aginpide (aginte), bihurtzen da.

Baina legeen bidez egiten den errazionalkuntzak gizarteko botereen parte bat besterik ez du hartzen; hortik kanpo gelditzen da botere-munduaren parterik handiena.

Botere aitortugabearen eta ilunaren mundu horixe da, hain zuzen, arriskutsuena, eta ez botere legeztatua, onartua eta ezagutua, nahiz eta handia izan.